Asier Orio, METAPOSTA

“Guk nabaritu dugu orain gehiago eskatzen digutela dena euskaraz”

2008an garatzen hasitako ideia batetik sortu zen urte batzuk beranduago Metaposta postontzi digitala. Hasieran norbanakoak eskatutako postontzi bezala martxan jarri bazen, azken urteetako bilakaerarekin haratago joan da eta orain komunikatzeko plataforma pribatu gisa aurkezten du bere burua. Langileen eta enpresaren arteko harremanak digitalizatzeko aukera ematen du Metapostak eta zerbitzu hori euskaraz eskaintzen duen bakarra da, gainera. Asier Orio, Metapostaren zuzendaria dugu solaskide.

‘Orain gehien egiten duguna da enpresa batengana joan eta aurkeztea Metaposta komunikatzeko plataforma pribatu gisa. Hau da, enpresak egiten ditu postontziak, postontzi horietan bidaltzeko nominak, kontratuak eta horrelako gauzak’ esan digu Asierrek eta bezeroei buruz hitz egiten gaineratu du ‘Nahi dutena da langileen eta enpresaren arteko harremanak digitalizatu, eta horretarako METAPOSTA aukera on bat da. Aukera ona eta gainera euskaraz sortua.’

Euskara hizpide hartuta Metapostaren zuzendariaren esanetan ‘Orain gehiago eskatzen dute dena euskaraz: sinatzen den kontratua, plataforma, mezuak, beste aldean dagoenak ere euskaraz erantzutea. Bai, guk gutxienez nabaritu dugu hori, aldaketa hori.’

INDEUSkide bezala, plataforma lagungarria dutela azpimarratu du ‘Guretzat oso lagungarria da ze, azken finean, batzen gara, beste pertsonak eta enpresak ezagutzeko aukera ematen digu eta gure ikuspuntutik elkarlana sortzeko ezinbestekoa da egiteko hori.’