Katealegaia, Neiker eta HiTZ Zentroa INDEUS kide egin dira plataformaren urteko azken batzarrean
Euskadiko Parke Teknologikoaren Bizkaiko campusean bildu dira INDEUSeko kideak 2026ko azken bilera egiteko. Spriko, Energiaren Euskal Erakundeko, Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako ordezkarien gidaritzapean egindako topaketan plataformatik aurten landu diren jardunen errepasoa egin da, besteak beste
- Azaroa hasieran Dublinen egindako SME & Cluster Assemblyn parte hartu izana.
- Harrera-plan komunitarioaren inguruan egindako lanketa.
- Komunikazio-estrategia berriaren garapena: plataformara kide berriak erakartzera zuzendutako jardunak, baita Industria eta euskararen esparruan sortzen diren edukiei eta albisteei zabalkunde handiagoa ematera zuzendutakoak ere.
- Hizkuntza-teknologien arloan dauden nobedadeak.
Halaber, bilera honetan INDEUS kide egin den NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen, hau da, Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreentzako soluzio berritzaileak sortzean espezializatuta dagoen erakundearen berri jaso dute bertaratutakoek.
HiTZ Zentroaren eskutik berriz, LATXA euskarazko adimen artifizial irekiaren hirugarren bertsio ahaltsua ezagutzeko aukera izan dute Indeuskideek.
FAGOR TALDEAk bere enpresetan abiarazitako Harrera-planaren nondik norakoak azaldu ditu, plataforman dauden enpresentzako baliagarri izan daitekeen plana.
PUNTUEUSek azkenik, martxan jarri berri duen BAAI.eus aurkeztu du, webguneak sortzeko modurik berritzaileena, sinplea bezain aurreratua.
Topaketaren bigarren zatian, bertaratutakoek lantaldekako hausnarketa egin dute aurtengo jarduna aztertu eta hurrengo urterako erronken norabidea finkatze aldera.
