Jon Ansoleaga: “INDEUSera enpresa gehiago erakarri behar ditugu”
Euskadiko Parke Teknologikoaren Arabako kanpusak hartu du gaur goizean INDEUS, Industriaren Euskal Plataformaren urteko lehen bilera. Jon Ansoleaga, Spriko zuzendari nagusiak egin die harrera bertaratu diren plataformako kideei, euskararekiko eta INDEUSekiko duten konpromiso eta atxikimendua eskertuz. Bertan izan da baita Sonia Rodriguez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria ere.
Ongietorria ematearekin batera, Ansoleagak aurrera begirako erronkak aipatu ditu, besteak beste INDEUSera enpresa gehiago erakartzea “enpresa berriek ikuspuntu eta esperientzia berriak eskaintzen dituztelako eta horrek guztiok aberasten gaitu”. Honekin batera “zerbitzuak euskaraz bermatzeko ahalegina egiten jarraitu beharra dugu, euskaraz lan egitea aukeratu duen enpresak hizkuntzarekin zailtasunik izan ez dezan”. Zentzu honetan Spriko zuzendari nagusiak gogoratu du INDEUS guneak baduela zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresen katalogoa (https://indeus.spri.eus/eu/enpresa-katalogoa).
Hasierako agurraren ostean, 2026.urterako lanak zehazteari ekin diote batzarrean parte hartu dutenek, alde batetik iazko bileretan egindako proposamenak eta enpresetatik jasotako beharrak mahai gainean jarriz. Besteak beste Praktika onak, Euskarazko zerbitzuak, Ikuskaritzak, Komunikazio estrategia, Adierazleak eta Hizkuntza Teknologiak dira aztertu diren gaiak eta aurten lantzeko proposatu direnak.
Behin lanketa eta azterketak bukatzean, INTOOL enpresak euskaraz ematen dituen bere zerbitzuak aurkeztu ditu, zaintza teknologiko eta lehiakorretako prozesuak digitalizatze arloan.
Gaurko jarduna bukatzeko, INDEUSeko kide den i+Med enpresara egin dute bisita plataformako kideek, hain zuzen ere duela urte bete ‘Gure Etxea, Zientzialarien Etxea’ izenarekin bataiatu eta ireki zituzten instalazio berriak ezagutzeko aukera izan dute.
