Imanol Larrea - Soziolinguistika Klusterra

“Hizkuntza oso garrantzitsua da edozein jarduera ekonomikoren barruan”

Hizkuntza eta gizartea aztertzen dituen bilgunea da Soziolinguistika Klusterra, orain dela 20 urte euskara biziberritzeko sortutako ikergunea. Imanol Larrea, Soziolinguistika Klusterraren zuzendaria dugu solaskide elkarrizketa honetan. Klusterraren hastapenetik hasi eta abiatu dituzten azken ikerketetaraino iritsi gara solasaldian.

‘Guk ikerketa proiektuak egiten ditugu. Nahi duguna jakin da, alde batetik, zein den euskararen egoera eta beste alde batetik egoera hori nola hobetu dezakegun. Eta gainera guk hor egiten den lan guztiari buruzko informazio hori dena zabaldu egin nahi dugu.’ Soziolinguistika Klusterraren proiekturik ezagunena kale neurketa da, hizkuntzen erabileraren kale neurketa, bost urtetik behin Euskal Herri osoan egiten dena.  

Imanol Larrearen hitzetan ‘Guk lortzen dugun daturik garrantzitsuena kale neurketa da eta hor ikusten duguna da eutsi egiten zaiola erabilerari, kaleko erabilerari, baina ez dugula lortzen ematerik gorakada nabarmenik.’ Baina badago datu positiborik ere, adibidez gazteenak direla hizkuntza gehien erabiltzen dutenak. ‘Hori behar bestekoa da, nahikoa da amesten dugun biziberritze horretarako? Argi eta garbi ez, hori ez da nahikoa.’ Gaineratu du Larreak.

Lanaren esparruan euskarari balioa emateaz hitz egiterakoan, Klusterraren zuzendariak azpimarratu du: ‘Hizkuntza oso garrantzitsua da edozein jarduera ekonomikoren barruan. Ikasi beharko genuke horri behar duen garrantzia ematen eta horrek gainera enpresaren funtzionamenduan lantzen.’