Sprik Dublinen egingo den SME & Cluster Assemblyn hartuko du parte Mondragon Korporazioarekin batera ‘Hizkuntzak abantaila lehiakor gisa’ saioan.
SME & Clusters Assembly Dublinen egingo da 2026ko azaroaren 2tik 4ra; aurten lehen aldiz bat egin dute SME Assemblyk eta European Cluster Conference ekitaldiak European SME Week ekimenaren barruan, Europako ETEn eta Klusterren ekitaldi nagusi eta garrantzitsuena bihurtuz.
Europako ETEn arrakasta, garapena eta lehiakortasuna bultzatzea helburu duen ekitaldiaren egitarauaren barruan dago Language as a Competitive Advantage: How Minority-Language Regions Drive SME Growth - Hizkuntza abantaila lehiakor gisa: Hizkuntza gutxituen eskualdeek nola bultzatzen duten ETEen hazkundea mahai ingurua. Azaroaren 3an, asteartearekin egingo da, 12:00etan, eta bertan izango dira Jasone Aretxabaleta, Sprik sustatutako INDEUS ekimeneko koordinatzailea eta Ander Etxeberria, Mondragon korporazioko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna, euskarak enpresen lehiakortasunean duen papera aztertzeko. Mahai inguru berean parte hartuko dute Siobhán Ni Ghadhra, Údaras na Gaeltachtaren presidente eta Danú Mediaren sortzaile eta zuzendari exekutiboak, Lenneke Willems, Marketing arduradun eta irlandar hizkuntzaren bitartekariak, Fionnbarra Bradley, Dublin Hiriko Unibertsitateko irakasle izandakoa eta moderatzaile lanetan Conall Ó Mórain, ekonomia gaietarako kazetaria eta The Media Groupeko zuzendari nagusia.
Mahai inguruaren ardatz nagusia hizkuntza gutxituak izango dira, euskaran eta irlanderan azpimarra jarriz. Askotan tokian tokiko hizkuntzak, hizkuntza gutxituak kultur-ondaretzat baino ez dira kontuan hartzen. Gaeltacht, Euskadi edota antzerako europako lurraldeetako ETEntzat hizkuntzen garrantzia haratago doa: bezeroen leialtasuna eta langileen atxikipena lortzeko, merkatuan bereizteko edota hizkuntzen teknologian eta adimen artifizialean sortzen ari diren aukerak baliatzeko.
INDEUS, Industriaren Euskal Plataformaren baitan duela bizpahiru urte sortutako ideiaren gauzatzea, Sprik eta Irlandako Gobernuaren Údarás na Gaeltachta agentziak elkarrekin egindako lanari esker etorri da.
Sprik duela 8 urte jarri zuen martxan INDEUS ekimena, euskaraz lan egiten duten eta lan egin nahi duten euskal enpresa industrialei laguntzeko besteak beste beharrezkoak dituzten produktuak eta zerbitzuak euskaraz lortzen. Honezkero 50 enpresatik gora daude Plataformari atxikita. Energiaren Euskal Erakundea, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dira Sprirekin batera ekimenaren sustatzaile.
Údarás na Gaeltachta Irlandako Gaeltacht eskualdeen, hau da gaeleraz edo irlandarrez hitz egiten den eskualdeen garapen ekonomiko, sozial eta kulturalaz arduratzen den gobernu-agentzia publikoa da. Eskualde horietan irlandera-gaelera eguneroko hizkuntza nagusia izatea eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzen dela bermatzea da bere helburu nagusia.
