Xaber Ozerinjauregi, Saioa Loizaga - BATZ
“Talentua erakartzeko enpresaren izaera eta euskara mantendu behar ditugu”
Arratia eskualde bizkaitarrean enplegua sortzeko sortu zen BATZ kooperatiba 60.hamarkadan. Trokelgintza moduan hasi eta gaur egun automobilgintzako osagaiak egiten ditu munduko auto ekoizlerik garrantzitsuenentzako.
BATZ Kooperatibako presidente Xaber Ozerinjauregiren eta Materialen garapeneko arduradun Saioa Loizagaren eskutik egindako ibilbide honetan jakin dugu datorren urtean 60 urte egingo dituela enpresak. Arratian trokeleria lanetan hasi eta gaur egun munduko auto ekoizlerik garrantzitsuenentzako osagaiak egiten ditu BATZek. “Hasi trokeleri moduan hasi ginan, hori izan zan BATZeko betiko negozioa eta munduan zeozergaitik ezagunak bagara trokeleri moduan da. Gaur egun hori zoritxarrez asko gutxitu da ta orain dala 30 urte inguru hasi ginan beste gauza batzuk egiten, trokelak egiten genituen ta piezak egiten hasi ginan, osagaiak, automobilentzako osagaiak. Eta gaur egun horixe da gure negoziorik handiena, automobilentzako osagaiak diseinatu eta fabrikatzea da.”
Hizkuntzaren erabilera hizpide hartuta, BATZek hainbat urte daramatza lan arloan euskararen erabilera sustatzen eta bultzatzen: orain dela 20 urte egin zuen bere lehen Euskera Plana; Errota fundazioaren EUSGARA proiektuan sartuta dago; eta INDEUS, Industriaren Euskal Plataformako kide ere bada.
Arratiakoa izatea eta euskarari eustea ezinbestekotzat jo dituzte solaskideek, batez ere talentua erakartzeko gero ta handiagoa den lehian: “Lehen eskaintza bat zegoen eta guk aukeratzen genuen eta gaur egun gazteek eurek aukeratzen dute nora etorri gura duten lanera, eta euskara eta enpresa izaera mantentzea pentsatzen dut inportantea dela. Eta gazteek eurek hori be baloratzen dute.”