Unai Agirre - EGOIN

“Zenbat eta hizkuntza gehiago hitz egin, aberatsagoa da bai enpresa eta bai gizartea”

EGOIN orain dela 30 urte baino gehiago Natxituan jaio zen enpresa bat da, egurra lantzen duena. Unai Agirre, enpresako zuzendari exekutiboarekin hitz egin dugu enpresaren historiaz eta euskarak duen presentziaz.

EGOINen historiari gainbegiratua ematerakoan, Unai Agirrek kontatu digu hemen egurra beti ikusi dala bigarren mailako material bezala eraikuntza munduan, baina ez Europan ezta munduan ere. “Egoin izan da kapaza ikusteko eta ikasteko europarrak zertan zebiltzaten. Eta pixkanaka teknologia horiek hona ekartzen eta mundu txiki honetan toki bat egiten, eta joera be aldatzeko bultzada bat ematen.”

Hizkuntzen kudeaketari buruz hitz egiterakoan Egoineko zuzendariak esan digu: “Askotan pentsatzen da dala borroka bat hizkuntzen artean eta ez da borroka bat, zenbat eta hizkuntza gehiago hitz egin eta landu, aberatsagoa bihurtzen da bai enpresa eta bai gizartea. Argi izan behar dugu euskara horretan dala izugarrizko potentziala. Oso erraza da hitz egitea Austriakoekin edo Alemaniakoekin ze beraiek menditik datoz, orduan tradizioa, hizkuntza asko baloratzen dute eta hona datozenean ez da bakarrik Natxituako parajea ikustea eta ze toki polita, beraientzat euskal enpresa bat ikustea garrantzi handiko gauza bat da.”