Javier Príncipe, Ramon Mendiguren - CIKAUTXO

“Euskara kudeatzera ohituta egotea lagungarria izan da hizkuntza politika landu eta gainerako hizkuntzak txertatzerakoan” Javier Principe, CIKAUTXO

Javier Principe eta Ramon Mendiguren, CIKAUTXOko presidentea eta Euskara taldeko kidea dira hurrenez hurren. Enpresako ateak ireki dizkigute, Indeus Elkarrizketak egitasmorako solasaldia egiteko. Cikautxo kooperatiba 1971.urtean sortu zen Berriatuan. Gaur egun 8 lantegi ditu munduan zehar, Estatu Batuak, Mexiko, Txina, India eta Txekian besteak beste, gutxi gora behera 2.600 langileko taldea osatuz.

Honela azaldu digu Cikautxoko presidenteak enpresak egiten duena:“Gaur egun soluzio polimerikoetan lan egiten dugu, plastiko munduan ere sartu gara eta konponder parte hori be guregan hartzen dugu. Nahasketa, osagaien errezeta hemen egiten dugu, material polimeriko hori hemen nahastu eta gero ekoiztu eta munduan zehar saldu”

Nazioartean zabaldutako enpresa izanik, hizkuntzen kudeaketari buruz hitz egiterakoan Javier Principek azpimarratu duenez “Erronka polita izan zen hizkuntza politika lantzea. Euskara kudeatzera ohituta geundenez, honek asko lagundu digu beste hizkuntzak txertatzen.”