Javier Garcia San Martín - FAGOR TALDEA
“Euskararen presentzia oso handia da gure kooperatibetan”
Zortzi kooperatibaz osatutako taldea da Fagor: Onera, Fagor Elektronica, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Galbaian, Copreci, Assembly eta Ederlan. Duela 60 urte sortua Debagoiena eskualdean, Euskal Herriko kooperatiba industrial handiena da Fagor Taldea, ia 11.000 langile dituena. Makina-erreminta, automatizazioa, automozioa eta ostalaritza dira, besteak beste, taldeko kooperatiben jarduera esparrua. Javier García San Martín, Copreciko zuzendari nagusia dugu solaskide.
Nazioartekotzea hizpide hartuta, San Martínek azaldu duenez “Fagor Taldea 18 herrialde desberdinetan dago, mundu osoan gaude gure bezeroei ahalik eta zerbitzurik onena eman nahian.”
Kooperatiba talde honek Fagor 2023 iraunkortasun estrategia du, bost ildo nagusi dituena: “gure negozioak eraldatzea, gobernantza eredu demokratiko bat garatzea, enpresa kultura aurreratu bat garatzea, gure produktu eta ekoizpen prozesuek ingurugiroan sortzen duten inpaktua murriztea eta gizartearen autoeraketa sustatzea. Iraunkortasun plan honek bidea markatzen digu eta lurralde eta komunitate honetarako hurrengo pausuak bideratzen laguntzen digu.”
Euskarari buruz hitz egiterakoan Javier San Martinek ziurtatu du euskararen presentzia oso handia dela Fagor Taldean betidanik: ‘Orain dela 50 urte Euskara Batzordeak hasi ziren martxan. Eta orain dela 25 urte Euskara Planak izan ditugu urtetik urtera. Euskararen presentzia oso handia da gure kooperatibetan.”
INDEUSi buruz esan du ‘Aukera ematen digu ikusteko ez gaudela bakarrik munduan, gure erronkak eta besteen erronkak antzerakoak direla, zailtasunak antzerakoak.’ Fagor Taldea INDEUS kidea da 2022.urtetik.