INDEUSeko Lantaldeak batzartu dira aurtengo proiektuak aztertzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzak hartu du gaur goizean INDEUS Industriaren Euskal Plataformako lantaldeen batzarra. Plataformako kide diren enpresetako ia 40 ordezkari bildu dituen bileran, Amaia Arregi Agirre, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiak eman diete ongietorria. Eta ondoren, Lan-eremuko hizkuntza politikaren Gipuzkoako Plan Gidaria aurkeztu dute.
Ez da hau bilerako aurkezpen bakarra izan:
- Gehi ikerketa: Euskara planek enpresen lehiakortasunari egindako ekarpenak aztertu dituen ikerketa honen nondik norakoak azaldu ditu ekimenaren sustatzaile den EMUNek.
- Euskorpora: Euskara digitalarentzat herri aliantza estrategikoak, enpresek behar dituzten tresna digitalak identifikatzea helburu hartuta, tresna horiek euskaraz ere izan daitezen abiaraziko dituzten berri eman du.
- Eraldaketa Digitalerako graduondokoa: EHUk eta UEUk lankidetzan asntolatutako graduondokoaren nondik norakoak azaldu dituzte; gaur egun, enpresetan behar diren profesional euskaldunak trebatzeko, kasu honetan, adimen artifiziala, segurtasuna, eta antzeko gaietan espezializatuak.
Halaber, Indeus kideek 2026rako erabakitako proiektuak eta erronkak aztertzeko baliatu dute gaurko topaketa. Hala nola Indeusen komunikazio estrategia indartzea, Langile berriei harrera komunitarioa egiteko estrategia, Praktika onak eta euskarazko aholkularitza zerbitzuen eskaintza, eta Hizkuntza teknologiak.
Batzarrean INDEUSi atxikitako azkenengo kideak hartu du parte, UZEI, Terminologia eta Lexikografia zentroak, hain zuzen ere plataformako Lankidetza Sareko partaide egin da.
