Agurtzane Gerediaga, Oscar Barañano - EKIN Kooperatiba
“Euskara gure nortasun agiria da”
1963.urtean sortu zen Ekin Kooperatiba Zornotzan (Bizkaia) hamar bat lagunen ekimenez. Sei hamarkada igarota, dibertsifikazio eta nazioartekotze prozesuak tarteko, Euskal Herrian ezezik Indian eta Mexikon ditu ezarpenak eta 300dik gora langile hemen eta atzerrian. Automozioa, Aeronautika eta Energia dira enpresaren jarduneko sektoreak.
Agurtzane Gerediaga, Pertsonen kudeatzaileak eta Oscar Barañano, Negozio-unitateko arduradunak ireki dizkigute enpresako ateak Indeus Elkarrizketa hau egiteko. Enpresaren bilakaera hizpide hartuta azaldu digute “gure jardunaren ia ehuneko ehuna automoziora zuzenduta zegoen eta hor konturatu ginan aeronautikako produktua zela etorkizunerako egonkortasuna emango ziguna. Horrenbestez inbertsio asko egiten hasi gara aeronautikan.”
Ekinek iaz 60 urte bete zituela eta, ospakizunez betetako urtea izan zen “lantegiko fatxada nagusia margotu genuen, jai handi bat egin genuen hemengo eta kanpoko lantegietako lankideekin eta ekitaldi instituzionalean berriz Lehendakaria ere izan genuen.” Aurten egin da Ekin INDEUS Industriaren Euskal Plataformako kide, euskararen aldeko apustuan plataformako gainerako enpresekin batera indar gehiago egiteko asmoarekin. “Ekinen DNAn badago euskara bultzatzeko gogo eta indarra. Euskara gure nortasun agiria da.”